miércoles, 7 de marzo de 2012
Jolasak
Haur Hezkuntzan jolasa, oso baliabide garrantzitsua da. Baina ez edozein jolas edonoiz eta edonola, momentu bakoitzean aproposa den jolasa erabili behar dugu. Hurrengo lerroetan hiru jolas ezberdinez mintzatuko naiz, hasteko jolas sinboliko bat, ondoren jolas didaktiko bat, eta azkenik jolas kooperatibo bat aurkeztuko dut.
Jolas Sinbolikoa: Ezetz harrapatu! jolasa
Ezetz harrapatu! jolasa psikomotrizitate gelan egingo dugu. Jolas honetan ume bat harrapatzailea da eta besteak harrapatu behar ditu. Baina, umeak zerbaiten gainean igotzen badira, hots, ez badute gorputzarekin zorua ukitzen, ezin dira harrapatuak izan.
Jolas ezagun hau sinbolikoa izan dadin, psikomotrizitate gelak dituen baliabideak erabiliko ditugu.
Jolasean hasi baino lehen, umeek gela antolatu beharko dute, adibidez: gelaren alde batean, koltxoneta batzuk basoa eratuko dute, beste alde batean, koltxonetako blokeak erabiliz, eraikinak edo herria sortuko dute eta espalderak zuhaitz handiak izan daitezke.
Honetaz aparte, umeei gauza ezberdin asko bururatu ahal zaizkie (oihalez egindako ibaia zubi batekin…).
Behin gela antolatuta dagoenean, umeak urtxintxak izango dira eta harrapatzailea haien atzetik joango da. Harrapatzailea urtxintxa bat harrapatzen badu, urtxintxa hori harrapatzailea bihurtuko da.
Jolas Didaktikoa: Urtxintxen ibilbidea
Oka jolasaren egitura berdina duen mahai jolas honen helburua urtxintxak basora heltzea da, bidetik dauden oztopoak saihestuz.
Umeek txandaka, tablero baten gainean dadoa botako dute eta ateratzen duten zenbakiaren arabera laukitxoetan aurrera egingo dute.
Tableroa:
Haziaren marrazkia duten laukitxoek arruntak dira, hauetan jausiz gero bertan geratu behar dira.
Eraikinen laukian jausten badira, 2 laukitxo atzera egin beharko dute. Berriz, errepidea agertzen den laukitxoan jausten badira, laukitxo 1 atzera.
Tablero horietan ere zuhaitzak dituen laukitxoak daude. Hauetan jausiz gero, zuhaitz batetik hurrengora pasatuko dira (zuhaitzetik-zuhaitzera esanez), eta ondoren bere txanda izan arte itxarongo dute.
Azkenik hondatzailea agertzen den laukitxoa dugu. Hemen jausiz gero, berriro etxera bueltatu beharko dira, hau da, lehenengo laukitxora.
Materiala: Tableroa, dadoa eta jokalarien fitxak (kolore ezberdinetako urtxintxak).
Jolas Kooperatiboa: Zuhaitzak aztertu
Egingo dugun proiektu honetan, irteera bat proposatuko dugu. Irteera hori umeak zuhaitz mota ezberdinak ikusteko helburuarekin pentsatuta dago. Bertan, jolas kooperatibo hau egingo dugu:
Umeak binaka jarriko dira. Ume batek zapi batekin begiak estalita izango ditu eta bere bikotekideak zuhaitz batera hurbilduko du. Behin zuhaitzaren aurrean egonda, begiak estalita dituen umeak zuhaitza aztertuko du (ukitu, besarkatu, eta abar). Irakasleak galdera batzuk botako ditu zuhaitzaren azterketa errazteko:
- Nolakoa da enborraren azala? Leuna ala latza?
- Enborra lodia ala mehea da? Zure besoekin besarkatu ahal duzu?
- Hostoak ukitu ahal dituzu?
Ondoren, begiak estalita, hasierako lekura bueltatuko dira. Begiko zapia kenduko du eta begiak irekita, aztertutako zuhaitza zein izan den asmatzen saiatuko da. Asmatzen duenean, berriro egingo dute jolasa, baina bikotekideak papera aldatuz.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario